Galderak

Jarraian, hiritarrek TOPOaren zabaltze-proiektuaren inguruan egindako galderak topatuko dituzu. Gune honetan galderen erantzunik aurkitzen ez baduzu, zure galdera bidali dezakezu.

Antiguak eta Erdialdeak badute euren autobus -zerbitzua. Zertarako behar dute orain trena?

Autobusak zerbitzu bikaina eskaintzen du Donostian, baina TOPOaren zerbitzua osagarria izango da eta aukera emango du modu eraginkorrean mugitzeko. Trena garraiobide efiziente eta puntualena da, eta beste garraiobideek ez bezala, zerbitzua modu independientean eskaintzen du. Lurpeko azpiegitura denez, trafikoak ez dio eragiten, ezta bestelako baldintzek ere. Bestela esanda, hirigunea itxita badago, Behobia-Donostia edota Klasika bezalako probak direla medio, trenak modu berean eskainiko du zerbitzua.

Egunerokoan ez dut TOPOa erabiltzen, zer garrantzi du eraikuntzak niregan?

Erantzun ugari egon daitezke, baina garrantzitsuena honakoa da: TOPOak hiria hobetuko du. Batetik, zerbitzu hobea eskaintzen badu, hirian auto gutxiago ibiliko dira (trenak 100 autok bezainbeste pertsona garraiatzen ditu), eta hiri erosoagoa bilakatu dezakegu oinezkoentzako gune gehiagorekin eta kutsadurarik gabe. Bestalde, birsortze urbanistikoa hobetuko du. Easo auzoan tren lubakia desagertuko da, eta egungo 21.000 metroko trenbidea lur azpian kokatuko dugu, eta hiriko gune berri bilakatu: gune berdeak, irekiak...

Lasarte-Oriakoa, Irungoa... naiz. Zertan hobetuko du nire eguneroko bizitza eraikuntza berriak?

Urtean egiten diren 6,7 milioi bidaietatik %60 Donostian bizi ez diren pertsonek egiten dituzte. TOPOa donostiarrentzat zein gipuzkoarrentzat da (bereziki, inguruko herrietako biztanleek erabiltzen dute). Hori dela-eta, azpiegiturak handitzearekin batera, Gipuzkoako biztanleak unibertsitatera edota lanera modu zuzen, eroso eta jasangarriagoan bertaratu ahal izango dira.

Zenbateko inbertsioa egingo duzue? Merezi al du?

Obrarako 180 milioi eurotako inbertsioa aurreikusten da; obra zibila, instalazioak, eraikinetako aurre-inspekzioak eta tramo berria gauzatzeko beharrezko bestelako kontratu guztiak barne. Ezbairik gabe, diru-kantitate handia da, baina epe luzeko inbertsio gisa ulertu behar dugu; izan ere, etorkizunean etekina aterako dugu. Era berean, hiriak eta lurraldeak etorkizunera begira egingo duten apustua da, egungo eta etorkizuneko garraiobidea edukitzeko.

TOPOa nire etxe azpitik pasako da. Aurre-ikuskapenik egingo al da?

TOPOaren saihesbide berriaren trazatua eraikin baten azpian edo alboan igarotzen bada, eremu horretan lanak hasi aurretik, eraikin guzti horietan aurre-ikuskapenak egingo dira. Kontrolatuko diren eraikinak identifikatzen diren zerrenda bat existitzen da. Aurre-ikuskapen hori pertsonalki gutun bidez jakinaraziko da. Hala ere, jakinarazpena jasotzen ez baduzu eta zure eraikinak zerrenda horren barruan egon beharko lukeela uste baduzu, gurekin kontaktuan jarri eta eskatzeko aukera izango duzu, horretarako martxan ipini ditugun bide ezberdinak erabiliaz.

Zertarako aldatu, dagoeneko, zerbitzua badago?

Gaur egun, TOPOaren lineak eraginkortasun arazo larriak ditu, eta ez dugu eskaintzen eman beharko genukeen zerbitzurik onena. Linea jarrairik ez dagoenez, tren guztiek Easotik igaro behar dute, eta denbora ugari galdu ohi da bidaiariak tren batetik bestera lekualdatzen. Ibilbide berriarekin, ordea, ez da mugarik izango, maiztasuna handitu ahal izango da, eta itxarote-denbora murriztu.